Gizentasuna

| | Uncategorized @eu

Beste gaixotasunetarako bide garrantzitsua da gizentasuna; XXI. mendeko epidemia izan daiteke

Gizentasuna gaixotasun kronikoa da, gaur egun arazo handia osasun arloan. Estatistikek diotenaren arabera, neurririk hartzen ez bada, XXI. mendean gizentasuna epidemia bihurtuko da gure gizartean.

Gizentasuna beste gaixotasun batzuk izateko arrisku faktore nagusi bihurtu da; esate baterako, hipertentsioa, arrisku kardiobaskularra, diabetesa, iktusa eta zenbait minbizi mota.

Gaixotasun horren ezaugarri nagusia gorputzeko gantz pilaketa da, eta oro har, gorputzeko pisuaren igoera; gorputz gantzen igoerarekin erlazio zuzena dauka; beraz, pisua parametro egokia da gizentasuna neurtzeko, eta klinika arloan erabiltzen den lehendabiziko neurria da.

Pisu ideala neurtzeko bi era daude: bata, erreferentziazko taulak erabiltzea —-sexua, altuera eta konstituzio fisikoa kontuan izanda osatzen dira—-; bestea, indizeen bidez —-erabiliena gorpuz masaren indizea da; pertsonaren pisua bere altuera karratuarekin zatitzen da, eta emaitzak ondoko taularen arabera interpretatzen dira—-.

Lehen esan dugun bezala, obesitatea ehun adiposoaren gehitzea da; beraz, ehun adiposoa baloratzea ere garrantzitsua da, gizentasun mota zehazteko eta zuzentzeko neurri aproposak hartzeko.

Gantzen banaketaren arabera, bi eratako gizentasunak daude:

Androide gizentasuna: gorputzaren goiko partean pilatzen da gantz gehiena; gizentasun mota horrek lotura zuzena du diabetes eta arazo kardiobaskularrekin.

Ginoide gizentasuna: ehun adiposoa gorputzaren beheko partean (ipurdian, izterrean) pilatzen da, eta osteoporosi arazoekin lotuta dago.

Gantz zelulen edo ehun adiposoaren formak ere garrantzia dauka gizentasun motak bereizteko.

Gantz zelulak handiegiak direnean, gizentasun hipertrofikoa deitzen zaio; arazo kardiobaskularrarekin lotuta dago, eta pertsona helduek garatzen duten gizentasun mota da.

Gizentasun hiperplazikoa gantz zelula gehiegi dagoenean izaten da, eta haurtzaroan agertzen da gehienetan.

Gizentasunaren jatorria edo eragilea bat edo gehiago izan daitezke

Gizentasuna sorrarazten duen arrazoi nagusia hartzen eta galtzen diren kalorien arteko desoreka da, hau da, behar baino kaloria gehiago hartu eta behar baino gutxiago erretzen denean. Horren zergatiak hainbat izan daitezke. Alde batetik, gaixotasun genetiko eta fisiologikoak; esate baterako, nerbio sistemarena, sistema endokrinoarena eta sistema metabolikoarena. Bestetik, elikadura ohitura soziokultural desegokiak izateak, gorputzaren egiazko beharrak ez ezagutzeagatik dieta desorekatua egiteak eta mito faltsuei jarraitzeak behar den baino energia gehiago harrarazten digute. Halaber, sedentarismoak zerikusia du gastu energetiko horren desorekan, behar baino energia gutxiago erretzen baita horrela.

Gizentasunaren arazoa konpentsatzeko tratamenduak

Guztiontzat ezagunak dira telebistan eta aldizkarietan agertzen diren zenbait edabe magiko. Mehetzeko modu asko daude: light janariak, hainbat dieta mota (atkinsena, disoziatua, begetarianoak, makrobiotikoak, barauak), tratamendu farmakologikoak, produktu dietetikoak eta ebakuntza, kasurik larrienetan.

Baina kontuan izan behar da gizentasunaren arazoa konpontzeko ez dugula mehetzean soilik jarri behar helburua; helburu nagusiak elikatzen ikastea eta elikadura ohiturak aldatzea izan behar du.

Hori lortzeko, honako ezaugarri hauek dituen bizimodua jarraitzea beharrezkoa izango da:

1. Dietak PERTSONALIZATUA izan behar du. Bakoitzaren ezaugarriak, bizimodua eta ohiturak ezberdinak direlako.

2. Mehetu nahi duen pertsonak behar baino kaloria gutxiago hartu behar ditu (ez da komeni 1.400 Kal baino gutxiago duen dietarik).

3. Orekatua izan behar du, eta kaloria horietan bitamina eta gatz mineral beharrak bete.

4. Pertsonaren ohiturak ahal den heinean errespetatu behar ditu.

5. Pertsonaren ordutegi eta lan egoeretara moldatu.

6. Askotarikoa eta atsegina izan behar du.

7. Gerora osasuntsu egoten lagunduko duten ohitura egokiak hartu eta sustatu.

8. Oso garrantzizkoa da otorduetan soilik jatea; ez hartu hestebete, opil eta halakoak jateko ohiturarik.

9. Haurren kasuan, gizentasuna saihestea da eraginkorrena. Horretarako dieta askotarikoa egin behar da, fruitu, barazki eta zituetan aberatsa; otorduak errespetatzea ezinbestekoa da. Txiki-txikitatik ohitura onekin hasi, eta errazago izango zaigu.

10. Ariketa fisikoa eskuarki egin.

GORPUTZ MASA INDIZEAREN TAULA

GMI (Gorputz Masaren Indizea) EGOERA NUTRIZIONALA

Pisu baxua

20-24,9 artean Pisu egokia

25-27,5 artean Gehiegizko pisua moderatua

27,5-29,9 artean Gehiegizko pisua altua

30-34,9 artean 1. graduko gizentasuna

35-39,9 artean 2. graduko gizentasuna

>40 Gizentasun erikorra