Haur baten elikadura oinarrizkoa bezain garrantzitsua da eskola garaian. Elikadura osasuntsu baten bidez bakarrik ziurta daiteke umeak bere hazkunde, garapen eta osasun potentziala lortuko duela.

Haurrak etengabe hazten direla gauza jakina da: 5-6 zentimetro eta 2-4 kilogramo inguru irabazten dituzte urtero. Baina, aldi berean, jarduera intelektuala, kognitiboa eta soziala ere progresiboki handitzen eta garatzen zaie.

Hazkunde agerraldietan jangura handiagotu egiten zaie, gastu kalorikoa handiagoa izaten delako; hori dela eta, anoak handitu egiten dira. Hazkunde denboraldia geldoagoa denean, berriz, jangura murrizten da, eta anoak gutxitu egiten dira. Beraz, kontuan izan behar da adin horretan apetitu aldaketak egoten direla eta, jateko garaian ere, aldaketa nabarmenak izatea ohikoa dela.

Hori guztia kontuan izanda, eskola garaian dauden umeek mota guztietako janariak jan behar dituzte, energia eta nutrienteen ekarpen egokiak lortzeko. Beraz, hainbat gomendio dietetikori jarraitzea komenigarria da.

Besteak beste, zereal osoak —pasta, arroza eta ogi integralak— egunero jan behar dituzte. Umeen elikagaiaren oinarri izan behar dute, eta horien bidez lortu hazteko behar dituzten energia nagusienak. Lekaleak ere maiz jan behar dituzte. Esaterako, garbantzuak, babarrunak, dilistak… Elikagai horiek astean bi edo hiru egunetan jatea komenigarria da, proteinak, karbohidratoak eta energia lortzeko, baita burdina eta beste mineral zein bitamina batzuk ere.

Frutak eta barazkiak eguneroko lege izatea ez litzateke txarra izango. Hala, haurren hazkundeak eskatzen dituen beharrak bikain beteko lirateke. Frutak eta barazkiak energia dentsitate txikiko eta nutriente eduki handiko janariak dira. Fruitu lehorrek ere behar duen energia ematen diote haur bati: intxaurrak, urrak…

Kalitate oneko proteinetan aberatsak diren elikagaiak ere jan behar dira; beraz, esnea eta esnekiak, arrautzak, arraina eta haragia umeen dietan barneratzea ezinbestekoa da. Olioari dagokionez, oliba olioa da osasuntsuena, omega 3 gantz-azidoan aberatsa baita. Koipe ugari duten elikagaiak ahalik eta gutxien jatea gomendagarria da.

Dieta orekatu eta denetarikoa eramateaz gain, nutrizio portaera zein ohitura zuzenak eta osasungarriak lortzen ikastea derrigorrezkoa da adin horietan. Familia giroan jatea da hezteko modurik onena.

Oro har, janariak egunean bost otordutan banatzea gomendatzen da. Horietako hiru nagusiak izango dira: gosaria, bazkaria eta afaria. Beste biek, berriz, osagarri lanak egingo dituzte: bata eguerdia baino lehen egin behar da (hamaiketakoa) eta bestea, arratsalde erdian (askaria). Garrantzitsua da otorduen artean denbora tarte oso luzea ez uztea. Egokiena janaldi batetik bestera bizpahiru ordu igarotzea da.

Elikagaiak prestatzeko orduan, onena koipe gutxi eskatzen duten teknika sinpleekin hastea da: lurrunean, egosita, labean, plantxan…

Umeak nahi ez badu, zer egin?

Hainbat eta hainbat haurrek ez dute mahai gainean dagoena jan nahi izaten askotan, eta hori hainbat arrazoirengatik gertatzen da. Kontuan hartu behar da jaten ikasten ari direla oraindik; beraz, lasaitasunez hartu behar da, eta ez da komeni inor jatera behartzea. Berdin du zuzenean, mehatxupean naiz zigorpean, edota sarien bidez. Janaria ez da erabili behar umeak zigortzeko edota saritzeko.

Ez dramatizatzea da aholkurik onena, eta, batez ere, xantaiarik ez da onartu behar. Gurasoek erabakitzen dute etxeko elikadura nolakoa izango den. Ez da dieta orekatu bat eskaintzen utzi behar umeari gustatzen ez zaiola eta.

Horrek ez du esan nahi, noski, guztiz baztertu behar direnik haurrak dieta planteatzeko garaian. Janaria erosteko eta prestatzeko garaian partaide sentitu behar dute. Etxeko menua antolatzen aritzean, elikagaien errezeta errazak prestatzen jardutean eta jateko mahaia prestatzean haurrek protagonismoa eduki behar dute.

Etxean ohitura batzuk jartzea ere gauza derrigorra da: ahal bada behintzat, ordutegi berean jan behar dute denek, leku berean eta modu berean. Giro atsegina nabaritu behar da mahaiaren bueltan. Norberak bere gauzez hitz egiteko momentua da. Janaria aurkezteko modua ere zaindu behar da: jateko garaian ezin da inor egon jolasten edo telebista ikusten. Momentu horretan garrantzitsuena mahaian dagoena jatea da.

Ordea, askotan teknika guztiak alferrik izaten dira. Haurrak ez du jan nahi izaten tokatzen zaion menua. Kasu horietan, burugogor jokatu behar dute gurasoek, eta menu berririk ez prestatu. Azkenean, mahaian dagoena jan beste erremediorik ez du izango umeak. Pazientziaz jokatu behar da, eta hala jokatzeak saria izaten du azkenean: umeak dena jaten du. Hala bada, zoriontzea komeni da.

Share This